XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ai ama, handik irten beharra nuen eta goiko olatuei aurre eman! Ba, kanpora irten behar izan nuen, zeren eta barrua urez bete bait zen.

Mekasuen, hura ikuskizuna zegoena han kanpoan!.

Eta egin barre ekaitzaz eta hondoraketaz! Egin barre Txinako tifoiez, Waterloo-ko borrokaldiaz, Uholde Unibertsalaz! Hark munduaren azkena zirudien!.

Benetan, ez nekien itsasoa kanpoan ala barruan zegoen, untziaren gainean ala azpian.

Ezin nion antzik eman, untzia ur gainean zebilen ala airean.

Olatu beldurgarri haiek alde batetik bestera eramaten gintuzten, goitik behera intxaur azalaren antzera.

Hura nahasteborrastea hura! Eta gu, gizarajook, han erdian!.

Hura ezin zela ondo bukatu esaten zidan bihotzak!.

Zakur gaixo hau untziaren txoko batean sartzen zen bitartean, Pako alde batetik bestera zebilen, ahal zuenari helduz.

Hitz batzuk marmartzen zituen baina zaratak eramaten zituen eta benetan oso urduri eta kezkati zegoen.

Lemari*lema: timoia begiratzen zion aska ez zedin, edo untziaren zuzenbidea frogatzen zuen, edo barruko ura itsasora botatzen saiatzen zen, edo arraunei heltzen zien itsasoko kolpe batez gal ez zitezen, motorra urez estalita bait zegoen eta arraunean itzuli beharko zuten....

Ezin dut esplikatu zenbateraino sufritzen nuen nik nire ugazaba estuasun hartan ikustean.

Ez nekien nola lagundu, zeren eta, ezin bait nion benetan ezertan lagundu.

Ni ezkutaturik nengoen txokotik ez nuen trumoirik entzuten eta itsasoaren erasoaldiak ez zitzaizkidan garrantzizkoak iruditzen: sufritu eta sufritu egiten nuen, zakurraren sufrimendu harekin; naturaren kontra ezinean borrokan ari zen nire ugazabarengatik sufritzen nuen.